zertan ari garen

  • RSS
  • meneame
  • facebook
  • twiter
  • flickr
  • youtube

2011/06/09

Ongi etorri

Ongi etorri. Agintzari Ekimen Sozialeko Kooperatiba Elkartearen webgunea bisitatzen ari zara. Irakurtzen ari zaren testu honen estilo zuzenak berak jada erakusten du orain arte www.agintzari.com zena aldatu egin dela. Esan daiteke hizkuntza erabiltzeko modu hau, berez, enpresa honen online erakusleiho berriaren asmo deklarazio bat dela, ez bakarra, ordea.

Atentzioa emango zizun URL hori edo web helbidea sakatzean aurkitu duzun irudien karga handiak edo ilustrazioen presentziak. Agintzariren Web Korporatiboa Eguneratzeko Proiektuaren Taldea osatu dugun pertsonek, hasieratik, pentsatu genuen agintzari.com domeinuaren pean ostatu hartuta zegoen gunearen kontzeptutik urrundu behar genuela, eta diseinu arin eta garbiago baten alde egin, testu hutsetik harantzago. Horregatik, Diego Marmolejo bartzelonar ilustratzailearen laguntza paregabearekin (ddidak.blogspot.com), horren marrazkien bidez Agintzari bezalako erakunde bat definitzen duten balioak, Misioa eta beste alderdi asko grafikoki kontzeptualizatu nahi izan ditugu.

Jakina, www.agintzari.comera hurbiltzen den edonorentzat ez da nahikoa izango hainbat ilustrazio ikustea gurea bezalako Kooperatiba bat zer den, zer egiten duen eta zer esan nahi duen jakiteko. Hori dela eta, marrazkiekin batera, web berri honek erraz eskuratzeko hainbat eduki ditu, gunearen edozein bisitariri gai horiei eta beste batzuei erantzuten laguntzeko ezaugarri guztiak azaltzen dituztenak.

Eduki estatiko horien presentzia izango da, beharbada, Agintzariren aurreko webgunetik geratu zaigun herentziarik logikoena, izan ere, hartan ere kontsulta zitezkeen gai horiek. Hori esanda, seguruenik aurreko webari buruzko aldaketa nagusia izan da izaera dinamikoa, bizia, aldakorra… duten edukiei tarte zabala utzi zaiela. Testu horiek ‘Zertan ari garen’ epigrafearen pean jasotzen dira eta, sare sozialik hedatuenetan jasotzen diren aholkuetan bezala, jardunean 200 lagun baino gehiago gabiltzan enpresa honen baitan sortzen den gertaera ugari eta askotarikoak jaso nahi dituzte.

Apustua Agintzariren baitan egosten denari buruzko informazioaren erakuslea izatetik harantzago doa; erakusleiho bideratzailea izan nahi du, Kooperatiba w hirukoitzaren unibertso eskergan aurkeztuko duena. Finean, asmoa da enpresa hau osatzen dugun pertsona guztien laguntzarekin kalitateko testuak sortu ahal izatea, Agintzari markak leku nabarmena izan dezan pixkana sareen Sarean ernamuintzen ari den gizarte-hezkuntzaren arloan, arlo psikosozialean eta hirugarren sektorekoan.

Izan ere, ezin ditugu kanal honek, Internetek, erakundeei eta beraien praktikari eskaintzen dizkien aukerak alferrik galdu; horregatik, Agintzariren blog honek gure Kooperatiban zer gertatzen den azaltzeko balio behar digu (gardentasuna bultzatuz), bertan zer egiten den aurkezteko.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berriek nolako martxa hartu duten ikusirik, ikusirik horien baitan mugimendu sozial handiak sortzen direla (adibidez, M15 mugimendua), pentsatzen dugu Agintzari osatzen dugun guztiak bat etorriko garela, egiazki, Kooperatiba hau Euskadin Ekimen Sozialeko erreferentzia bihurtzea lortu eta gero, orain online espazioan ere erreferentzia izatea dagokigula.

Beharbada helburu handinahi edo zaila dirudi, baina lor daitekeela uste dugu, betiere guztion elkarlana badago espazio hau zuen ekarpenekin osatzeko, bai iradokizun moduan, bai zuen testuak bidaliz, blogean argitaratzeko. Horrez gain, web proiektu honen bigarren fase batean, Agintzarik Sare Sozialetan duen presentzia aztertuko da (bloga izango da tresna puntakoa, esan dugunaren arabera), erakusleiho hau online eremu itzelean biderkatu ahal izan dadin.

Beraz, berriro ere testuaren hasierako bigarren pertsona horri heltzen diogu. Zain gaituzu hemen. Agintzariren web berria (www.agintzari.com) jada ez da bere nortasunaren ezaugarriak eta gainerakoak ikusteko noizean behin bisitatuko duzun gunea, aitzitik, eduki dinamikoak izango ditu, erregulartasun handiz eguneratuko direnak (espero dugu). Hemendik aurrera webgunea egunero bisitatzeko aukera izango duzu, www.agintzari.com erakunde bizia dela frogatzen duten nobedadeak, elkarrizketak eta testuak aurkitzeko. Esandakoa: ongi etorri.

PD: testu honetatik aurrera webguneari buruzko zure zalantzak edo galderak espero ditugu, lerroon azpian iradokizunetarako dagoen tartean.

Iradokizunak

Iruzkinak


bilatzailea

aipatuena

bisitatuena

azken iruzkinak

tag lainoa