zertan ari garen

  • RSS
  • meneame
  • facebook
  • twiter
  • flickr
  • youtube

2017/03/06

Bizkaiko Foru Aldundiak Hutsik dauden sehaskak familia-harrerako kanpaina berria atera du kalera, oinezkoen bidera.

 
Bizkaiko Foru Aldundiak familia-harrerako kanpaina berria abiarazi du, hainbat arrazoirengatik haien berezko familiarekin bizi ezin diren adingabeak beren etxeetan hartzeko prest dauden familia solidarioen laguntza eskatze aldera. Laguntza horrek konpromiso bat bere gain hartzea dakar, adingabearen arazoetan inplikatzeko, garatzen, hazten eta heltzen laguntzeko, eta banantzearen arrazoiak desagertzen direnean berezko familiarekin itzultzen laguntzeko.
 
Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatuak Foru Aldundiak Bizkaiko gizarteari ezagutarazten dion familia-harrerako kanpaina berriaren mezu nagusia azaldu du: Benetan ez zaizula sartzen sehaska bat etxean? : “Mezu horren bidez bizkaitarrei helarazi nahi diegu abegi-etxe bat behar duten haurrek duten premiazko egoera” adierazi du.
 
Zehatz-mehatz, Sánchez Roblesek zehaztu du Bizkaiak “10 pertsona edo familia behar dituela 3 urtetik beherako haurrak premiaz hartzeko eta beste 25 familia gehiago 3 eta 13 urte bitarteko adingabeen beste kasu batzuei erantzuteko beste bi harrera moten bidez: aldi baterakoa edo iraunkorra. Halaber, neba-arreben taldeak eta beharrizan bereziak dituzten adingabeak hartzeko prest dauden familiak ere bilatzen dira”.
 
Gaur egun Bizkaian 314 adingabe bizi dira abegi-familia batekin: 214 familia zabalean (aitona-amonekin eta osaba-izebekin, nagusiki) eta gainerakoak (ehun inguru), berriz, beraiekin zerikusirik ez duen familia batekin. “Familia horiek adingabeak artatu, zaindu, elikatu eta hezten dituzte, eta behar den denboran arreta integrala ematen diete, berezko familiako kide bat gehiago izango balira bezala, nahiz eta jakin berez ez direla” esan du.
 
Abegi-familien sarean parte hartu nahi duten pertsonek balorazio eta prestaketa prozesu bat gauzatu behar dute. Eta urteko 365 egunetan 24 orduz lan egiten duen Gizarte Ekintza Sailaren diziplina anitzeko talde baten laguntza integrala izango dute uneoro. 2016an, 24 familia berrik abiarazi zuten familia-harrerako prozesua Bizkaian, eta 18 familia-harrera berri gauzatu ziren.
 
 
Hutsik dauden sehaskak kalean
 
Bizkaiko Foru Aldundiak haur bat hartzeko prest dauden familiak bilatzeko helburua duen kanpaina berria atera du kalera, benetan. Foru erakundeak 3 dimentsiotan kopiatu du kanpainaren kartela. Horretarako, hutsik dauden 5 sehaska jarri ditu Bilboko erdialdeko 5 lekutan. Zehatz-mehatz, sehaskak oinezkoen bidera irten dira honako kale hauetan: Kale Nagusia, Ercilla, Berastegi, Unamuno plaza eta Areatza. Sehaska horien ondoan, Haurren Zerbitzuko teknikariak egon dira etengabe, goizez zein arratsaldez, informazioa eskatu dutenei hori eman ahal izateko.  “Bizitza hartzen duen kartela da” esan du Isabel Sánchez Roblesek. “Espero dugu sehaska horiek gogoeta egitera behartzea gure bizitzetan eta gure etxeetan sehaska batek benetan hartuko lukeen lekuari buruz. Hain leku txikia al dugu familia bat behar duen haur batentzat?” galdetu du.
 
Babes-neurri bat, aukera bat
 
Familia-harrerak haur bati eskaintzen dio, behar den denboran, afektua, ardura eta laguntza ematen dizkion ingurune batean hazteko aukera, adingabeari harrera-familia batean garatzen eta integratzen laguntzeko asmoz, familia horretako kide bat izango balitz bezala. Halaber, guraso biologikoekiko harremanari eutsi, eta hori hobetuko dute, eta itzultzeko prozesuari lagunduko zaio, hori posiblea denean. Alde horretatik, Sánchez Roblesek argi utzi du harrera ez dela adopziorako bide bat. Aldi baterako babes-neurria da. “Bi familia dituzten haurrak dira. Jatorrizko familiarekiko harremanari eusten diote, Aldundiak egokitzat jotzen dituen bisita araubidearen bidez”.
 
Harrerak familia egonkorra, atsegina, normalizatua eta egokia ematen die adingabeei, hezkuntza jarraibide argiak dituena. Halaber, adingabeei lotura berriak ezartzen, maila fisikoan zein emozionalean hobetzen, familia-eredu egoki bat ezagutzen eta beren nortasunari eta gurasoekiko harremanari eusten laguntzen die. “Harrerak beren iragana eta oraina ulertzen laguntzen die, eta etorkizun hobe baten aukera eskaintzen die.” “Inork ez du esaten erraza denik, baina merezi du” ondorioztatu du Sánchez Roblesek, hartzaileek jakinarazitako bizipenak gogoratzen dituen bitartean.
 
Bizkaiko Foru Aldundiaren Familia-harrerako Programa
Tel.zk.: 944 470 737
Helbide elektronikoa: acogimientofamiliar@bizkaia.eus
Aldundiaren webgunea: www.bizkaia.eus/acogimiento
 

Iruzkinak


bilatzailea

aipatuena

bisitatuena

azken iruzkinak

tag lainoa