Sinadurak

Legezko Tratu Txarra XXI. Mendean

2018/06/11

Bittor Arnaiz – Josu Goikoetxea

Agintzari Koop.E.ko ikus-entzunezkoen taldea

Haurtzaroa paradisu galdua da batzuetan.
Beste batzuetan, ordea, infernu nazkagarria.
Mario Benedetti
 
 
Ideiak balak dira gaur egun eta ezin dut lorerik erabili zugatik. 
Silvio Rodriguez

Agian jakingo duzue, zurrumurrua heldu zaizuelako edo, udaberri honetan Agintzari film dokumental bat egiten hasi dela haurtzaroaren gainean. Zehazkiago, gure asmoa da gogoeta kritikoa egitea gaur egun adingabeen zainketa egiteko moduaz, eta nolabait horren salaketa egitea. Gutxienez 2 urteko esfortzuak, ilusioak eta ardurak eskatuko dizkigun lana da.
 
Agintzarik agintzen du gure ezagutza eta egiten dakiguna zabalduko duela garapen sozialean laguntzeko, eta konpromiso horren barruan sartzen da dokumental honen ekoizpena. Dokumentala, gainera, sormenarekin eta garai hauekin bat etorrita egingo dugu. Espero dugu ikus-entzunezko honek zabalkunde handia edukitzea eta gogoeta gaia izatea jendearentzat oro har.
 
Nola sortu da ideia? Egia esan, hiru bat urte dira ideia honekin bueltaka gabiltzala.  Haurren babesaren lan nekezarekin zerikusia duten hainbat gogoetari, egoerari eta frustraziori sormenez emandako bukaera eta irteera da. Haurren tratu txarren ohiko elementu mingarriak nabarmentzeko modu bat da, nolabait.
 
Gure egunerokoan badira tratu txarren forma sotilak, adingabeengan sufrimendua eta zoritxarra eragiten dutenak. Ez gara ari babesgabetasunaren formak nabarmenez (abusuak, bikotearen barruko indarkeria biziaraztea, tratu txar fisikoa, instrumentalizazioa, etab.), baizik eta baimenduta eta, batzuetan, kulturalki indartuta ere dauden beste tratu txar mota batzuez.
 
Filmean familia eta lana uztartzeko arazoak dituzten gurasoen menpe egon beharrak adingabeei ekartzen dizkien ondorioak aipatuko ditugu (nork ez du ezagutzen adingabeari ondo egingo liokeen interbentzio bat jarraitzeko aukera ere ez duen gurasorik?), eta, halaber, ezagutzera emango dugu  arazo emozionalak edo estresa duten gurasoen edo beti krisian dauden bikoteen menpe dauden adingabeei egoera horretan egoteak zer ondorio duen.
 
Famili sare eta sare sozial pobretu eta oso txar batek mantendutako haurrez arituko gara, gero eta gehiago baitira. Haurtzaindegi goiztiarrez eta atxikimenduaren nahasmenduez eztabaidatuko dugu, eta eskolan 11 ordu baino gehiago ematen duten haurren bizimoduari helduko diogu.
 
Intimoenetik makroenera zabalduko dugu fokua. Gizarte postmoderno batean bizi gara, kontsumoari lotuta, zeinak inozoki zoriontsu egingo gaituen eta gure seme-alabengandik urruntzen gaituzten premietara eramaten gaituen. Orainean zentratzen gara, orainean dena jar baitaiteke zalantzan eta dena erlatiboa baita (baita hazteko modua ere). Gizarte honek, antza, askatasun pertsonala, garapen eta arrakasta profesionala saritzen ditu, familiaren eta adingabeen premien gainetik. Hitz batean, gure mundua erabat aldatzen ari da 80ko hamarkadatik, baina aldaketa horrek haurrengan duen inpaktua erakutsi nahi dugu (bizitza osoan iraungo duen inpaktua, gainera). Haurtxoen eta neska-mutikoen garapena ezin da moda edo gizarte mota baten menpe egon.
 
Egia da mendebaldeak hobekuntza asko lortu direla haurren eskubideei lotuta, baina filmean zerbait kezkagarria eta erradikala planteatu nahi dugu haurren hazkuntzaren gainean: denak ez du balio. Haurrak nola hazi behar diren, helduaren figurarekin atxikimendu seguru eraikitzeko premia aspaldiko gauza da, bi miloi urte baino gehiagoko gauza bat, ezabatu ezin den gauza bat. Neurozientziek hazteko modu zuzen bat deskribatzen dute (moda iragankorretatik edo kulturaletatik urrun), haurraren burmuinak heldu baten burmuina behar du, gidatzeko eta erregulatzeko. Eta ez edozein modutan, berriro diogu. Denak ez du balio.
 
Inoiz baino gehiago dakigu neurologiaz, psikologiaz eta adingabeen premiez eta, halere, dakigun hori dena alboratzen tematzen gara. Zergatik? Ezjakintasunagatik izan daiteke, edo geure burua engainatzeagatik, edo egoismoagatik edo premiagatik. Atzean, filmaren mezua da mendebaldeko gizartearen arazo batzuek, gaixotasun eta nahasmendu batzuek eta indarkeriaren zati handi batek heziketa ereduan nagusi batean dutela jatorria, neurri handian.
 
Espainiako estatua zoritxarreko hirugarren postuan dago munduan, arazo emozionalak dituzten adingabeen medikazio psikiatrikoari dagokionez. Begi bistakoa eta patetikoa da legeak adingabe bat drogatzera bultzatzea, bere zailtasunen jatorria tratatzea baino merkeagoa delako (ez, ordea, eraginkorragoa). Ikaragarria da multinazional farmazeutikoek Arreta Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmenduaren epidemian jokatzen duten rola (zuetako inork ezagutzen al du ADHZ daukan eta landa ingurunean, herrixka batean, bizi den adingaberen bat?). Beldurgarria da pentsatzea zein izan daitekeen haur eta gazteen buru osasuneko arretaren gaineko estatistiken gorakada esponentzialaren arrazoia. Gene akastun baten emaitza da? edo elikaduraren aldaketek eragin dute? edo bizitzeko eta hazteko moduek ekarri duten zerbait da
 
Filmaren mezua da gogoeta egin behar dugula eta zerbait egin, bestela, gizarte indibidualista eta egoista honek, ongizate materialak zoriontasuna emango digun ideiarekin liluratzen gaituen gizarte honek, irentsi egingo gaitu bere gurpilean. Gure motibazioa da mezu kontrakultural eta gizatiar bat bidaltzea, debatea piztea eta aldaketa sustatzea: arrain hilak baino ez doaz korronteari segika.
 
Dokumentala saiatuko da erakusten nola gure bizitzako lehen urteak erabat funtsezkoak diren, urte horietan eratzen baitira gure ondorengo bizitzaren zimenduak. Gizarte hobe bat sortu nahi badugu, postmodernitateak eskaintzen diguna ez den beste modu batez heldu beharko diogu hazkuntzari.
 
Dokumental batek halako kategoria bat eduki dezan, eta kazetaritzako erreportaje hutsa izan ez dadin, atzeko mezuarekin zerikusia duen historia bat kontatu behar du. Sorpresa izango da; beraz, ezin da kontatu eta komeni ere ez da komeni kontatzea. Pare bat urte itxoin beharko dugu.
 
Lan hau Agintzariren lan kolektibo bat da, eta denok inplikatzen gaitu azkenean. Eskerrak ematen dizkiegu “gailurretik” proiektua onartzeko ausardia eduki zutenei, Twobaskosi, erakutsi beharko duten pazientziagatik, ikus-entzunezkoen proiektu taldeari, emandako orduengatik, aholkulariei, behin betiko gidoiaz iritzia emango dutelako, eta adingabeei, haurtzaroaz gehien irakatsi dutenak izan direlako. Erantzukizun handia da eta hori ohorea da guretzat.
 
 
Bittor Arnaiz – Josu Goikoetxea
Agintzari Koop.E.ko ikus-entzunezkoen taldea

Iruzkinak

Zure iruzkina utzi