Sinadurak

Hitza eta egia adingabeen aurkako sexu abusuen tratamendu psikologikoan

2015/11/12

Julio González

Miaketa Psikologikoko Zerbitzuko erreferentziazko psikologo klinikoa (MPZ)

1.- Esanezinarekin topo egitea

Hasteko, hiru emozioren garrantzia azpimarratu behar dugu: errua, lotsa eta larritasuna; beraiek lagunduko digute sexu abusua nozitu duten adingabeengan agertzen diren askotariko sintomak ordenatzen. Erruak, lotsak eta larritasunak sintomak nola agertzen diren erakusten dute, subjektuak nola adierazten digun bere eskaera. Zalantzarik gabe, subjektuaren presentziaren indizeak dira, eta lan psikoterapeutikoari begira beharrezkoa da horiek kontuan hartzea.

Badakigu arazo honetan erruaren dimentsioa oso presente dagoela: errudun sentitzea, ezin delarik esan zehazki zergatik, ezin delarik errua bera aipatu, eta horrek galarazi egiten du distantzia hartzea, eta portaeran sarritan agertzen da.

Ezin dugu errua albo batera utzi. Errudun sentitzeak funtzio bat dauka subjektuarentzat, abusuaren esperientziaren zentzua aurkitzeko eta berrezartzeko saiakera bat da, aurkitu zuen zentzugabekeriaren zentzua. Errua esperientzia traumatikoaren tratamendu bat da. Esperimentatu eta bizi denaren aurrean ezinezkoa bada azalpenik aurkitu, errudun izateak behintzat lehendabiziko kokapen bat eskaintzen dio subjektuari.

Oro har, sexu abusuaren egoera ondorio traumatiko bati lotzen diogu, gertaeraren larritasunei bertatik eratorritako ondorio bati. Baina, zer da ondorio horretan indarra duena? Gertaerak berak baino gehiago, egiazki traumatikoa dena da subjektuak aurkitu zuen gozamena; gozamena ez da plazeraren parekoa, bere gorputzean gertatu ziren emozioaz, kitzikaduraz eta efektuaz ari gara. Eta efektua oinazearen eta sufrimenduaren mugetaraino iritsi daiteke. Gozamen hori da zentzurik gabe agertzen dena, hitzik gabe, subjektuak berak aipatu eta ulertu ezin duen emozio moduan, eta oinaze esanezin baten intentsitatearekin bizi daiteke .

Gozamenaren esperientzia horrek aukera ematen digu ulertzeko kasu askotan adingabea isilik geratzea, edo esandakoari buruz atzera egitea. Gogoan dut 12 urte neskatila baten kasua: denbora bat igaro eta gero aitortu zien harreran zegoen etxeko hezitzaileei denbora batetik horra beste mutil batek masturbatzera behartzen zuela. Hori esan zuenean, entzuten ari zen hezitzailea harrituta agertu zen, hura bezain neska deliberatuak egoera isilik gorde zuelako, ez zuelako ezer esan. Kasu horretan argitu ahal izan zena zen neskak, txikitan, indarkeriazko eszenak ikusi zituela aitaren eta amaren artean, eta horrek isilarazten zuela, eta traumatizatuta uzten. Horrenbestez, egoera honetan subjektua mutu dago, hitzik gabe, eta ondoren portaera errepikatzen du.

Adingabeen aurkako sexu abusuen arloan, subjektuak behar ez zuen lekuan aurkitzen du gozamen sexuala, eta, ondorioz, ez du hitzik topaketa hori zer jasanezina den adierazteko. Gainera, norengana jo?, nor izan liteke hartzailea?

2.- Hitzaren subjektuak.

Ez dago sexu abusuaren klinika unibertsal bakarra. Nozitzen duten subjektuek ez diote gertaerari berdin erantzuten, ez dituzte sintoma berdinak adierazten, eta agertzen direnean ere ez dute denboran bat egiten. 

Sexu abusuaren egoera gertaera traumatiko bihurtzeko, hau da, sintomak sortzeko, bi denbora tartetan artikulatu beharko da, Freudek frogatu zuen bezala. Lehenengo tartean, gertaera bera jazotzen denean, eta bigarren denbora tartean, zeinean subjektuak gertaera horren esanahi bat ezartzen baitu, eta horrek sintomak eragin ditzake edo ez. Horretan ez dago kuantifikazio posiblerik, erantzuna bakarra da subjektu bakoitzarengan, lipar bat bezain azkarra izan daiteke, edo urteak behar izan ditzake.

Beraz, ezin dugu ondorioztatu adingabe batekin tratamendu psikologikoari ekin behar zaiola horrelako egoera bat nozitu duelako.

Praktika klinikoan, beraz, subjektuaren arlo berezienarekin lan egin behar da, eta bereizi egiten du gure interbentzioa eta horrelako kasuetan egiten diren beste batzuk (epaileak, forentseak, gizarte langileak). Sarritan, adingabea babesteko sistemaren beharrengatik, edo zigor sistemagatik, balizko abusu baten egiazkotasuna baieztatzea bilatzen da, eta horrek behartu egiten du adingabea egindakoaren kontakizuna egitera, eta kontakizuna egiazkotasunaren ustezko irizpide objektiboekin neurtuko da. Joera horrek arazoak eragiten ditu etengabe; askotan adingabea bigarren aldiz biktimizatzea eragiten du, presak indargabetu egiten duelako subjektuaren dimentsioa, adingabeak behar duen denbora, egia hitzaren bitartez hedatu ahal izateko.

Gure interbentzio psikoterapeutikoak, betiere beharrezkoa bada, NBEn 1989ko Haurraren Eskubideen Adierazpena du erreferentziazko markotzat, non haurra subjektu eskubideduntzat hartzen den. Adingabeekin interbentzio psikoterapeutikoa egiteko aukera izateko haren hitzaren hartzaile bihurtu behar dugu, izan ere, haurra subjektu hiztuna den heinean, hitz egiteko eskubidea du, eta horren irismenaren erantzulea izateko. Nolako harrera egiten diogun, hitzak nola entzuten ditugun, tratamenduak norabide bat edo beste bat hartuko du.

Ez dugu kuantifikazio bat egin behar, ez dugu sailkapenik egingo eta sindrome bat eraikiko, dakigun zera horretatik abiatuta erantzun bat eskaintzeko. Kasu bakoitza kasu berri bat da, eta ezin dugu dagoeneko daukagun jakintza horren pisuaren azpian hondoratu. Kasu bakoitzak, bere berritasunean, dagoeneko dakiguna zalantzan jartzen du, nahiz eta horrek ez duen esan nahi hipotesirik formulatu ezin dugunik, lortzen ditugun elementuetatik abiatuta, horrek orientatzen lagunduko baitiezaguke. Beharrezkoa da sailkatzeko dugun grinatik askatzea, harritzen uztea.

Hitzaren dimentsioan, subjektuaren berezitasuna da funtsezkoena. Hor bilatzen dugu subjektibotasuna nola antolatzen den aurkitzea, kontua da subjektuarengan hitza askatzea, bere sufrimenduaren egiatasuna berreskuratzeko. Askotan, hori lortzeko, tratamenduan hasierako denbora bat beharko dugu. Ondoren, aztertzen saiatuko gara, errepikapenaren legea ateratzen saiatuko gara, horrek arautzen baitu halabeharrez adingabearen bizitza, horrek murrizten baitio bizitza –batez ere nerabeen kasuan, sexuaren inguruan hasi eta portaerazko arazoak dituzten neska-mutilekin–.  Horretarako, kontuan hartu behar da biografia bakoitzaren berezitasuna, subjektua finkatzen eta orientatzen duten haurtzaroko eszenak, horrela zuzendu ahal izango baititu bere hautuak, bestela horiei jarraituz zorigaiztoa aurkituko baitu.

Horrekin batera, adingabearen tratamenduan, adingabea narratzailetzat hartu behar dugu, istorioen kontalaritzat. Haurrek beren jaiotzari eta existentziari buruz galdetzen dute. Beren buruari eta gurasoei galdetzen diete. Zergatik naiz? Zergatik nahi izan zenuen ni jaiotzea? Eta galdera horri ez zaio inoiz erabat erantzuten, eta hutsunea uzten du beti, zulo bat ezagutzan. Ematen diren erantzunak ez dira inoiz nahikoa, eta haurrak behin eta berriro egiten du galdera, existentziari, bizitzari, sexuari eta abarri buruz jakiteko. Esan dezakegu zeregina dela haurrak bertsio bat eraiki ahal izatea egokitu zitzaizkion gizon eta emakume motaren, aitaren eta amaren gainean, berarentzat haiek zer izan ziren desioari, jakiteari, gozatzeari dagokionez.

Hitzez adierazteko lan horrek nolabaiteko hondar bat eragingo du, estrukturalki ezinezkoa delako aurkitutako gozamenaren erabateko itzulpena egitea, emozioak hitzetan adieraztea. Eta hondar horri tiraka aukera irekiko da subjektuarentzat bere asmakizun berezia lortzeko.

Hau da, nolabaiteko lotura ezarri behar da subjektuarekin, hitzaren zirkuitua osatu ahal izateko, eta ekintzara pasatzeko arriskua galarazteko. Lotura horretan ez gara gu erantzunak dituena, gu ez gara “teknikari espezialistak”, aitzitik, eginkizuna da subjektuarekin batera abusu egoeren ondoren bizitzaren alde jarriko duten erantzun posibleak esploratzea.

 
Julio Gonzalez del Campo.
 
Miaketa Psikologikoko Zerbitzuko erreferentziazko psikologo klinikoa (MPZ). Psikoanalista, Psikoanalisiaren Lacandar Eskolako eta Munduko Psikoanalisi Elkarteko kidea.

Iruzkinak

Zure iruzkina utzi